XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina, zertarako jarraitu gogoratzen orain jainkoek, bazkal osteetan, ondo mozkortuta daudenean, egiten dutena?

Hain dira, ene Herkules, eroak non neuk ere inoiz ezin izaten diodan barreari eutsi.

Baina une honetan hobe zaigu Harpokrates gogora ekartzea, gerta ez dadin Korikoko jainkoren bat entzuten aritzea Momok berak ere zigortzeke esan ezin izan zituen xehetasunak kontatzen ari baikara.

XVI. Baina heldu zaigu ordua, Homeroren antzera, zerutarrak utzi eta lurrera itzultzeko, nahiz eta hemen ez dugun ezer alairik edo zoriontsurik aurkituko, neuk emanda ez bada.

Lehenengo eta behin argi ikus dezakezue Natura, giza leinuaren ama eta egilea, nolako aurrikuste zehatzaz arduratu den eromen-pixka bat inon ere falta ez zedin.

Egia da, estoikoen definizioei kasu eginda behintzat, zuhurtzia ez dela besterik adimenduaz gidatzea baino; eta eromena, aldiz, grinen nahikarien arabera mugitzea; hala ere, gizakien bizitza tristura eta garraztasunaz betea izan ez zedin, Jupiterrek giza bizitzan adimendutik baino zenbat gehiago ipini ditu grinetatik?

Txakur txiki bat libera batekin erkatzearen antzekoa izango litzateke!.

Bestalde, adimendua buruko bazter mehar batera zokoratu du, gorputzeko gainerako guztia grina-gehiegikerientzat utzi duelarik.

Eta beraz, bi tirano indartsu, nolabait esateko, jarri ditu aurrez aurre bakoitzaren barruan: bata, haserrea, erraietako gotorlekuaz eta bizitzaren iturria den bihotzaz beraz ere jabetu dena; eta bestea lizunkeria, bere eremu zabalak pubisaldeko beheko barreneraino hedatzen dituelarik.

Indar biki hauen aurrean adimenduak duen indarra, gizakien eguneroko bilakaerak adierazten du, adimenduak erlastu arte oihu egin eta gizalegetasun-arauak eman arren egin dezakeen gauza bakarra (...).